XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gero, pastoralek gordetzen dituzte, baita ere, zenbait ezaugarri, gure teatro hau greziarrenarekin kideko bihurtzen dutenak: aire zabalean emana, musikaren laguntzarekin, leloen bidez textuak aurkeztuz, imintzioak usariozko legeetara bilduz.

Eta poesian egin ohi denez, musikaren eta erritmoaren arteko harremanak, imintzioaren eta mugimenduaren artekoak, eta ibileraren eta dantzaren artekoak, markatzen dira; eta poesiaren oinak eta neurriak ere, ez dira antzes-lekuan ibiliz eta dantzatuz ematen ziren pausoen zenbakiak baizik; eta kopla bat edo bertsoa bukatzean itzuli egiten da (strofe), eta lehengo lekura bihurtzen (antistrofe).

Eta satanen egitekoak ere antza handia du greziar drametako koroekin.

Beraz, greziar teatroaren antzekoa dela esan daiteke.

Usario hau guztia benetan lagungarri ona gerta daiteke gure metrika zaharraren ezagutzarako.

Antzerki-mota honek bizirik eta indarrean agertzen dizkigu metrikaren zenbait alderdi; hala nola, oina, neurkera eta erritmoa, estrofe eta antistrofe, adibidez.

Eta antzerki honi esker jakin dezakegu hitz horiek zer esan nahi zuten hasiera batean.

Nozio horiek sortu zireneko literaturaren aztarrenak dira.

Eta aztarren hauek joko ona eman dezakete ahozko literaturaren neurkerak eta metrika-legeak finkatzeko eta argitzeko, dena eskas denez metrika-munduaren ezagutzarako.

Pastoralen etorkizunari buruz, G. Hérellen iritzia iluna eta pesimista da.

Euskal antzerki hori gain-behera doala eta laster hilko dela dio.

Antzeko beste antzerki guztiak Europan XIX mendean zehar galdu badira, ez omen dago arrazoirik, uste du, euskal antzerkiari beste hainbeste gertatuko ez zaionik sinesteko.

2. MASKARADAK Euskal Herriak, Europan izan den jatorrizko usarioari jarraituz, eta ihauteetako jaikizunaren inguru, festa-andana bat sortu izan du, festa hauek aldiroko ospakizun bihurtuz.

Aintzinako usario hauek, Zuberoako gazteriarentzat XX garren mendean jai biziak gertatzen dira; eta gaurregun ere, orain hirureun eta larehun urte bezalaxe antolatzen dituzte ihauteetako festak.